XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GUDALB. - Nire ikurrin moko-zorrotzaren begira nago ni: goazen gudategira.

Tutularien bateri kenduko dautsat ikurrina, eta bera erabili nire astirik ezean.

Tira, tira, goazen! Goraturik dago eguzkia, eta eguna alperrik galdu baño eztogu egiten (Alde dagie).

III AGERLEKU - Ingelandarren Gudaltegia.

Ingelandarren gudarostea aurrera: GLOSTER, BEDFORD, EXETER, SALISBURY, ta WESTMORELAND.

GLOST. - Nondik da bakalduna?.

BEDF. - Bakalduna bera yoan da zaldi-ganean, arein guda-lerroak ikuskatuten.

WEST. - Irurogei milla eginak dabez aik gudaritan.

EXET. - Batentzako bost dira aik; orrez ganera, guztiak dira barri.

SALISB. - Yaungoikoaren eskuak yoko al dau gugaz! ezbardintasun itzala da au.

Yaungoikoa lagun izango al yatsue bakalseme guztioi; nire egikizunera noa ni; zeruan alkarganatu arte emen bein geiagotan alkarganatu ezpa'gadiz, pozik daragoiogun....

Bedford-eko ene Lord zindo, Gloster'ko ene Lord maite... eta Exeter'ko ene Lord on, eta i, nire senide txerakor...... gudari guztiok, agur!.

BEDF. - Agur, Salisbury on; eta zori ona lagun izango al yak!.

EXET. -Agur, Lord txerakor; adoretsu egin gaur burruka; eta, orraitiño be, irain egiten dauskat iri olangorik aitatuaz, adore zindozko ariz egina augu-ta (Alde SALISBURY'k).

BEDF. - Txerakortasunez bestean adorez betea da ori; bietan bakalsemeri dagokionez.

WEST. - Ui! emen al geuz orain.

ENDIKA BAKALDUNA aurrera.

Emen al geuz orain, gaur, Ingelanda'n lanik egiten eztabenetatik amar milla gizon, ez geiagorik!.

END. B. - Nor da olangorik gura leukena? Nire lengusu Westmoreland, ala?.

Ez, ene lengusu lerden: eriotzarako atza ezarriak ba'gara, gure aberriaren galtzerako asko gozak gu geu be; eta bizirik geldituteko atza ba'yoagu, gizon gitxiago garean eta omen geiago bakotxarentzat.

Yaungoikoaren guraria egingo al da!.

Arren, gizon bat bera be ez egik geigorik gura izan.

Yupiter-arren, enok ni urrezalerik; eta etxaustak ardura nire leporik nor bizi danek be; etxaustak ardura gizonak nire soñekoak ba'darabilez be; olango uskeri ta azaleko zerik eztok sartzen nire gurarietan; baña oben ba'dok omenzale izatea, neu nok bizirik diran gogoetatik obentiena.

Ez, ene lengusu, benetan, ez egik gura izan gizonik bat be Ingelanda'koetatik; Yaungoikoaren bakea!.

Al danik eta itxarorik onenak dodazala-ta, olango omen andirik eneunke galdu gurako nik, nire ustez gizon bat geiagok omen-zati bat berak eroango leuskit-eta.

Ui! nik etxoat gura gizon bat be geiagorik!.

Olangorik bagarik aldarrikatu egik, Westmoreland, nire gudarostea zear, alde egin dagiala burruka onetarako biotzik eztauenak; egin eta emongo yakok bidari-agiria, eta biderako dirurik be bere ziskuratuko yakok: ez geunkek il gura gugaz batera ilteko bildur dan gizonegaz batera.

Kirispin yai-eguna dok gaur: egun onetan bizirik gelditu ta aberriratu dadina, beatzen ganean yarriko dok izen au aitatu dadinean, eta yagi egingo dok Kirispin'en izenera.

Egun onetan bizirik gelditu, ta zartzarora eldu dadinak, urtero yai egingo yautsek bere auzokoai aurreko egunez, eta onan esango yautsek: Kirispin Guren da biar: eta gero, besoa billusturik, zauratzak erakutsiko yautsezak, eta esan: Kirispin egunean artu nebazan zauriok.

Aztu egiten yake gizon zarrai, baña, orraitiño be, edozer aztu lekikio, baña etxako aztuko, pozik gomutau baño, egun atan egindako egite andirik; eta orduan gure izenak euren agoetan euren senideenak bestean etxetiar izango dira: Endika Bakalduna, Bedford eta Exeter, Warwick eta Talbot, Salisbury ta Gloster, edalontzi beteen artean barriro gomutau ta gogoratuko dira.

Yazoriko onen barri aita onak bere semeari emongo dautso; eta Kirispin eta Kirispian'en eguna mundua mundu dan artean iñoz be ezta igaroko gu gomutau bagarik... gu gitxiok, gu zori ontsu gitxiok, gu anai-mordo au; nire anai izango da, ba, gaur nigaz bere odola izuri dagiana; danik eta zirtzilenik izan ba'dadi be, gaurko egunak aitonsemetuko dau, ba, aren izakerea (...).